XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiru belaunalditan zehar nere familia Mendebalde Hurbileko hiri honetako ahaldun eta aberatsetakoa izan da.

Carrawaytarrak klan moduko zerbait gara eta Buccleucheko Dukeengandik gatozela esaten dute gurean, baina gure adarraren fundatzaile benetakoa nere aitonaren anaia izan zen, berrogeitamaikan hona etorria, Gerra Zibilera ordezko bat bidali eta nere aitak oraindik daukan handizkako burnidenda ireki zuena.

Osaba-aitona hau ez nuen inoiz ikusi baina haren antza omen dut, aitaren bulegoko horman dagoen erretrato errealista antzean daukan itxuran bereziki.

1915ean bukatu nituen ikasketak Yalen, aitak baino mende laurden bat geroago doi-doi, eta handik piska batera Gerra Handia deitu zuten Teutoniar migrazio gerarazian parte hartu nuen.

Kontraerasoa hain gogoko izan nuen, non berehala itzuli bainintzen.

Mendebalde Hurbila, munduaren erdi-pare epelaren ordez unibertsoaren ertz zirtzildua iruditu zitzaidan... eta hala, Ekialdera joatea erabaki nuen bonoen negozioaren gorabeherak ikastera.

Ezagutzen nituen guztiak bono-tratuan zebiltzan lanean, beraz, negozio horrek beste mutil-zahar bat mantendu ezinik ez zeukala iruditu zitzaidan.

Osaba-izebek, neretzat lehen mailako eskola hautatzen ari bailiran, luzaz eztabaidatu eta azkenean esan zuten: Tira ba... Ba-ai, aurpegi serio, zalantzaz beteaz.

Aita urtebetez ni mantentzeko prest zegoen eta zenbait luzamenduren ondoren Ekialdera etorri nintzen hogeitabiko udaberrian, bertan geratzekotan, ustez behintzat.

Egokiena aterpea New Yorken bertan bilatzea zen baina urtaro epela zen, eta nik belardi zabal eta zuhaitz atsegineko lurraldeak utzi berriak nituen, eta hala, bulegoan gazte batek aldirietan etxe bat erdibana alokatzea proposatu zidanean, idea bikaina iruditu zitzaidan.